viernes, 26 de enero de 2024

EBALUAZIO PROBETAN ETA LAN AKADEMIKOETAN JOKABIDE MAKUR EDO IRUZURREZKOA IZATEAREN ONDORIOAK

Dokumentua: PROTOKOLOA, UPV/EHUko EBALUAZIO PROBETAN ETA LAN AKADEMIKOETAN JOKABIDE MAKUR ETA IRUZURREZKOAK ERAGOZTEARI ETA ETIKA AKADEMIKOARI BURUZKOA


Dokumentuan azaldutako jokabide iruzurrezkoak dauzkatenek eta haien laguntzaile ezinbestekoek ondorio hauek pairatuko dituzte: 

- Kalifikazioan: suspentsoa jasoko dute eta 0,0 puntuazioa. Salbuespenez, irakasle arduradunak beste kalifikazio bat ematea erabaki ahal izango du, arrazoiturik, baldin eta uste badu ustezko iruzurra edo debekatutako jokabidea arina edo garrantzi gutxikoa izan dela, eta ez duela eragin handiegirik izan probaren emaitzan.  

- Diziplina espedientea: inguruko zirkunstantzien arabera, azaldutako jokabideak jo ahal izango dira diziplinazko arau hauste arintzat, ez hain larritzat edo larritzat, Diziplina Akademikoaren Arautegiko 5. artikuluaren arabera, eta diziplina espedientea irekitzea ekarri ahal izango dute. Errektorearen eskumena da zigorra ezartzea. Edozelan ere, proportzionaltasun printzipioari jarraituz, zigorra neurrizkoa izango da, eta arau hauste bakoitzaren inguruabarren araberakoa. 

Arautegiak dioenez, arau hauste arina da ordena edo diziplina akademikoan nahasmendua sor dezakeen edozein ekintza, eta arau hauste larria da, besteak beste, ikas bizitzako ekitaldietan identitatea ordeztea, dokumentuak faltsutzea eta zintzotasun falta, delitu diren gainerakoez gain.  

Arautegian aurreikusitako zigorrak, kasu bakoitzaren zirkunstantzien arabera, honako hauek dira: arau hauste arinetarako, irakasgai baten edo gehiagoren matrikula galtzea; ikasturte horretan, edo aldi baterako, gai baten edo gehiagoren eskoletara joateko debekua; ohartarazpen publikoa edo pribatua; arau hauste larrietarako: unibertsitatetik aldi baterako edo betiko kanporatzea; azterketa egiteko debekua, irakasgai batzuetan edo guztietan, ohiko deialdian edo guztietan; edo bekak edo bestelako onurak galtzea, guztiak edo batzuk, betiko edo aldi baterako. 

Zenbait iruzur bereziki larriak izan daitezke, eta delitu izatera heldu: adibidez, dokumentazioa faltsutzea, eginkizun publikoen usurpazioa eta abar. Kasu horietan unibertsitateak gertakariak salatuko ditu fiskaltzaren aurrean. 

No hay comentarios: