lunes, 6 de abril de 2009

Oskia Yaben Vazquez (1998/99)


Izen-deiturak: Oskia Yaben Vazquez
Lizentziatura bukatu zuen ikasturtea: 1998/99

Kaixo Oskia, zertan lan egiten ari zara, eta zein izan da egungo egoerara iristeko ibilbide profesionala unibertsitatetik atera ondoren?
KULTUR ATELIER izeneko komunikazio enpresaren zuzendaria naiz gaur egun. Unibertsitatetik atera eta kazetari lanetan hainbat komunikabidetan ibili ostean, konturatu nintzen komunikazioa eta marketinaren mundua zela benetan gustatzen zitzaidana. Elhuyar enpresan 2 urtez komunikazio arduretan aritu nintzen eta orain dela 6 urte buruan nuen ametsari ekin nion:nire komunikazio enpresa propioa sortzeari, alegia.


Gure lizentziaturan ikasi zenuen guztitik zein dira gehien erabili dituzun ezagutzak eta abileziak, orain arte izandako ibilbide profesional horretan?
Orain dela 10 urte kazetaritza eta publizitatea bi espezialitateak egin nituen eta oro har zer hobetu handia egon arren Leioako ikasketa eskaintzan, ni komunikazioaren ikuspegi orokorrarekin atera nintzen Unibertsitatetik. ERASMUS batekin kanpoan izan nintzen HOLANDAN, eta lortu nuen beste hezkuntza eredu eta azken finean bizitza eredu berri bat ere ezagutzea. Esperientzia hura oso aberasgarria izan zen niretzat. Dena den, iruditzen zait ikaslearen jarreran ere badagoela gakoa, eta Leioako esperientzia teorikoa, nire ibilbide profesionalean behintzat, dezente aplikatu dudala iruditzen zait.


Zein gauzak aldatuko zenituzke zure eskuetan lizentziaturan aldaketak egiteko aukera balego?
Bere garaian behintzat, bazegoen zer aldatua! Esperientzia praktikoa falta zen batetik. Bestetik, jende aurrean komunikatzeko eta moduz idazteko gaitasunarekin atera beharko ginateke Unibertsitatetik.Eta minimo hauek kasu askotan ez ziren ematen. Nire garaian behintzat, "egurra" falta zen, ia klasera azaldu gabe ere kurtsoa pasatzeko aukera zegoen eta nik uste hori ez dela bat ere egokia ikaslearentzat. Exigentzia maila baxuegia zegoen. Hala ere, berriro diot, ikaslearen jarrera oso garrantzitsua dela. Bakoitzak ere atera behar dio etekina Leioak eskaintzen duenari.


Eta zer aldatuko zenuke unibertsitatean zuk izan zenuen jokaeran? Eta zure ikaskideek izan zuten jokaeran?
Lanean hainbat urte pasa ostean, orain akaso beste interes batekin joango nintzateke klaseetara. Momentuan ez zera konsziente ikasten ari zaren hori gero baliagarria izango zaizula lan munduan aplikatzeko. Eta benetan, hainbat ikasgai gero oso aplikagarriak izan dira.


Zein da zure iritzia, oraingo esperientziarekin, gure lizentziaturaren ezagutu zenuen eskakizunaz eta ikasten ziren edukietaz, baita erabiltzen ziren metodoetaz ere?
Nik uste gure lizentziaturak lan munduari begira jarri behar zaiola modu eraginkor batean. Ikasleari motibatu behar zaio eta lagundu behar zaio ikusten bere burua non kokatu dezaken lan munduan. Merkatu zabala dago eta mila aukera daude lan egin nahi duenarentzat. Ikaslearen motibazioa horixe da, pentsatzea zer lanpostuan izan dezaken bere etorkizuna.
Edukiak ere horretara egokitu behar dira: lan postuetara zuzendu behar direla iruditzen zait.

Ikasleak benetan zeozer praktikoa egiten ari dela sentitu behar du. Hau bere garaian Leioan ez zen bat ere lantzen irakaslegoaren partetik. Gogoan dut sartu berria nintzela irakasle batek esan zigula gure klaseko %10ek bakarrik egingo genuela lan komunikazio esparruan. Horrek ez du bat ere animatzen eta gainera zorionez, ez da egia. Gaur egun nire klaseko asko ari dira gure komunikazio esparru honetan lanean.


Eta bukatzeko Oskia, zer jokaera izatea gomendatuko zenioke gure lizentziatura orain ikasten ari den ikasle bati, publizitatearen edo komunikazioaren sektorean lanpostu bat lortzeko?
Komunikazioa eta publizitatearen sektorea zoragarria da. Hori bai, bakoitzak sinestu behar du bere buruarengan. “Oso zaila da lanpostu bat lortzea” edo “komunikazioaren sektorea oso gaizki dago” eta antzeko esaldiak kendu behar dira burutik. Gogoa, sormena eta lan konstantziarekin edozein ikaslek lor dezake lanpostu bat komunikazio edo publizitatearen sektorean. Ikasleari egunerokotasunaren aurrean adi egotea eta begiak ondo irekita edukitzeko eta komunikazioa bizi dezala aholkatuko nioke; unibertsitatetik hasi eta lan munduraino. Benetan bakoitzak duen jarrerarengan baitago neurri handi batean etorkizuna.


Eskerrik asko Oskia, ondo segi eta zure enpresaren proiektuetan zorte ona izan dezazula.

1 comentario:

komunikasten dijo...

Kaixo,

Oskia eta bere komunikazio enpresa ezagutzen ditut eta oso ondo lan egiten dutela deritzot.

Kultur Atelier da enpresaren izena eta Donostian dute egoitza. Hona hemen webgunea: http://www.kulturatelier.org/aurkezpena

Besteak beste, 2008ko Bai Euskarari Ziurtagiriaren publizitate kanpaina burutu dute: http://www.baieuskarari.org/