domingo, 7 de diciembre de 2008

Gorka Goikoetxea (1998/99)

Izen-deiturak: Gorka Goikoetxea

Lizentziatura bukatu zuen ikasturtea: 1998/99


Aupa Gorka, aspaldiko, zelakoa izan da zure ibilbide profesionala unibertsitatetik atera zinenetik?

Unibertsitateko azken urtean Madrilen agentzia batetan lan egiteko aukera bilatu eta aurkitu nuen eta 1999ko ekainean unibertsitatetik atera eta zuzenan Madrilen jarraitu nuen lanean. Lehenik J.Walter Thompson agentzian ia bi urtez. Ondoren bost urte egin nituen Young & Rubicam agentzian. Ia zazpi urte Madrileko merkatuan oso esperientzia ona izanik 2005ean Euskal Herrira bueltatu nintzen Dimension agentzian lan egitera.

Hasieratik kontu departamenduan izan naiz. Pozik nago, oso gustokoa dut. Egia da normalean publizitate arloan, eta batez ere kalean, jende guztiak publizitatean lan egitea, arlo kreatiboan lan egitea dirudiela. Errealitatean beste arlo oso erakargarriak daudela gogoratu nahiko nieke ikasle guztiei: kontu departamenduan, produkzioan (bai grafiko eta audiobisualean), estrategian, hedabide planifikazioan... Hori bai, arlo guztiek kreatibitate kutsu bat behar dute, dudarik gabe. Egunero lanbide honek berrikuntza behar baitu arlo guztietan.


Gure lizentziaturan ikasi zenuen guztitik zein dira gehien erabili dituzun ezagutzak eta abileziak, orain arte izandako ibilbide profesional horretan?

Egia esan gauza konkretu gutxi. Unibertsitateak publizitate munduaren inguruan lehen ezagutza orokorra ematen dizu. Gehienbat mundu hori atsegin ahal izango duzun ala ez jakiteko balio izan dezake. Nola dakizu hori? Bakoitzak bere neurgailuak dauzka. Nik karrera hori gustokoa nuen, eta azken urtean argi neukan horretan lan egin behar nuela. Horregatik ahal nuen guztia egin eta Madrilera joan nintzen.

Askotan esaten da karrera bat egitean edo aukeratzean garrantzitsuena gustokoa izatea dela. Egia da guztiz.


Madrileko eta Euskal Herriko merkatua ezagutu ondoren, zelako desberdintasunak ikusten dituzu?

Batzuk argi daude. Madril merkatu handiagoa da, Espainia osoan agertzen diren iragarle eta kanpaina gehienak Madril edo Bartzelonatik egiten dira. Merkatu handi batek, iragarle handiagoak, aurrekontu handiagoak, agentzi handiagoak eta ondorioz aukera handiagoak ditu... baina adi!! konpetentzia handiagoa ere!! Bai ikasleentzat, langileentzat eta baita agentzientzat ere.

Konkretuki nik beste gai bat azpimarratu nahiko nuke. Madrileko merkatua Euskal Herrikoa baino azkoz aurretuagoa dago marketing eta publizitatean. Departamendu ezpezializatuak, agentziak, denek publizitatean eta marketinean sinesten dute. Enpresa askotan departamendu garrantzitua da marketing edo publizitate departamendua.


Zein da zure ustez, bertoko agentziek eta profesionaleek Madrilgo eta Bartzelonako agentziekin lehiatzeko egin behar dutena?

Bakoitzak bere tartea aurkitu behar du merkatuan. Berak eskaintzen duen produktua erakargarria bada, edozeinekin lehiatu dezake. Adibidez Euskal Herrian, Espainia osoan lan egiten duten iragarleak daude. Merkatu horretan hemengo agentziek oso aukera ona daukate bere burua Euskal Herritik kanpo ezagutarazteko.


Gure lizentziaturatik atera berri den ikasle baten curriculum-a zuk baloratzeko beharrean egotekotan, zer gustatuko litzaizuke ikustea?

Nik beti kasu honetan gauza berdina esaten dut. Bai kalean eta baita elkarrizketetan ere. Horrelako kasu batek gogoa erakutsi behar du. Ikasteko gogoa, gauzak egiteko gogoa, parte hartzeko gogoa...Nola erakusten den? Hori bakoitzak pentsatu behar du.


Eta bukatzeko Gorka, zein aktitudea eta jokaera izatea gomendatuko zenioke gure lizentziatura orain ikasten ari den ikasle bati, publizitatearen edo komunikazioaren sektorean lanpostu bat lortzeko?

Lanbide berezia da. Batzutan gogorra, bestetan zaila, ordu asko.... bai, mito guzti horiek egiazkoak dira. Horregatik esaten nuen lehen gustokoa behar duela, gogoa erakutsi behar dela... Ikasleek unibertsitateko lehen urtetik landu dezakete hau. Publizitate munduko aldizkariak, beste munduko kanpainak, web orrialdeak, agentziak, profesionalen ihardunaldiak, kreatibitate festibalak... Informazio iturri asko daude munduan piskanaka sartzeko.

Horretaz gain eta bukatzeko beste gauza bat esan nahiko nuke. Beti kreatiboa izan behar dela esan dut hasieran. Edozein departamenduan lan egiteko, berdin zait hedabide berri bat aurkitzeko zein idea on bat aurkitzeko. Baina baita bakoitzaren lanpostua aurkitzeko ere. Adibide bat. Gehienek publizitatea ikasi eta agentzia batetan lan egitea pentsatzen dute baina... orain ikasten ari zaretenen artean zenbatek pentsatu duzue iragarle bateko marketing departamenduan lan egitea?


Eskerrik asko Gorka eta ikusi arte.

No hay comentarios: