domingo, 7 de diciembre de 2008

Iñigo Fernández Ostolaza (2000/01)

Izen-deiturak:Iñigo Fernández Ostolaza

Lizentziatura bukatu zuen ikasturtea: 2000/01


Kaixo Iñigo, zertan lan egiten ari zara, eta zein izan da egungo egoerara iristeko ibilbide profesionala unibertsitatetik atera ondoren?

PUBLIS publizitate agentziko kontu arduraduna naiz gaur egun, baina hona iritsi aurretik ere lan dezente egin nuen: Deimos publizitate agentzian kreatibo gisa praktiketan lau hilabetez; STEE-EILAS sindikatuan komunikazio plana egiten praktiketan beste lau hilabetez; Surfrider Foundation talde ekologistari komunikazio alorrean laguntzen; Open Zone Munduko Longboard Surf Txapelketan komunikazio arduradun...




Gure lizentziaturan ikasi zenuen guztitik zein dira gehien erabili dituzun ezagutzak eta abileziak, orain arte izandako ibilbide profesional horretan?


Zenbait eduki zehatz alde batera utzita, esango nuke gaietan sakontzen ikasi nuela, baita komunikazioaren inguruko ikuspegi orokor bat atera ere.


Zein gauzak aldatuko zenituzke zure eskuetan lizentziaturan aldaketak egiteko aukera balego?

Ba egia esan, dezente. Ez gauzak aldatze soilagatik edo askok esaten duten bezala, 'ikasleak lan-mundurako hobeto prestatzeko'. Badira komunikazioaren mundua benetan ondo ulertzeko oinarri-oinarrizkoak diren ideia, eduki teoriko eta errealitateak, unibertsitatean -ni han nintzenean behintzat- inork ez lantzen ez irakasten ez zituenak.


Eta zer aldatuko zenuke unibertsitatean zuk izan zenuen jokaeran? Eta zure ikaskideek izan zuten jokaeran?

Kasu atipikoa izan zen nirea, lizentziatura 22 urte nituela hasi bainuen (irrati-telebista ikasketak Bilbon hiru urtez egin eta gero), eta uste dut eskaini zidaten guztia ehuneko altu batean aprobetxatu nuela (liburutegia barne).


Zein da zure iritzia, oraingo esperientziarekin, gure lizentziaturaren ezagutu zenuen eskakizunaz eta ikasten ziren edukietaz, baita erabiltzen ziren metodoetaz ere?

'Publizitatea eta harreman publikoak' lizentziaturak kazetaritzarekiko zilbor-hestea askatu eta bere ibilbide propioa egiteko garaia baduela uste dut. Orain ematen diren ikasgai batzuk kendu eta beste batzuk jarri beharko lirateke: komunikazioaren ikuspegi orokorra ematen dutenak, oinarri-oinarrizko ideiak lantzen dituztenak, komunikazio instituzionala lantzeko aproposak, branding-aren ingurukoak, komunikazio estrategiaren osagaien ingurukoak...


Eta bukatzeko Iñigo, zer jokaera izatea gomendatuko zenioke gure lizentziatura orain ikasten ari den ikasle bati, publizitatearen edo komunikazioaren sektorean lanpostu bat lortzeko?

Bilatu gustuko duzun lanean aritzeko aukera, eta gero, ahaztu dirua eta lan ordutegia, baztertu aitzakiak, eta eman ezazu dena. Ikasi, egunero-egunero, asko, eta demostratu inteligentzia, komunikaziorako sena eta batez ere lanerako gogoa.


Eskerrik asko Iñigo.

No hay comentarios: