miércoles, 13 de diciembre de 2023

Iñaki Gorostidi, GUK-eko zuzendariari, egindako elkarrizketaren ondorioak (2. taldea)

 Iñaki Gorostidi "GUK" marketin- eta komunikazio-enpresako zuzendari eta sortzaileari egindako elkarrizketak markaren, haren helburuen eta balioen ikuspegi zabalagoa eta argiagoa eman digu, besteak beste.

Gorostidik enpresaren jatorriak nolakoak izan ziren kontatu digu, eta era berean azaldu digu GUK aholkularitza agentzia bat izateko sortu zutela hasieran bi kazetarik. Hasieran, gaur egungo teknologiarik gabe eta Internetik gabe, markaren irudia hedabideetan ezagutarazten saiatu ziren eta horrek egin zituzten ahaleginak eta erabili zituzten estrategiak erakusten ditu.


Elementu bereizgarriena dena eta "GUK" beste edozein agentziatatik bereizten duena da, normalean, komunikazio-agentziak markaren ospeaz soilik arduratzen direla, eta beste enpresa batzuk marketinaz. Hau da, enpresa bakoitza gauza batez arduratzen da eta horretarako profil profesional desberdinak erabiltzen dituzte. "GUK"-ren kasuan, aldiz, bi alderdiekin lan egiten dute, eta ohikoa ez izan arren, proiektu baterako profil profesional bat baino gehiago erabiltzen dituzte.


Sektore honetan lan egiten duten denboraldi laburrek eragindako presioaz, presio horrek eragiten duen estresaz eta dena elkartuz sortzen den klima txarraz hitz egiten dugunean, lan-giroa tenkatzen ari da azkenean langileen arteko harremanetan. Hori gerta ez dadin, GUK horrelako egoerak kudeatzen laguntzen du, enpresan kimika ona bermatzeko. Izan ere, harreman onek emaitza onak bermatzen dituzte.


Sektoreari buruz galdetu diogunean, aldakortasunaren eta moden garrantziari buruz aritu da. Lehen tendentziak luzean irauten zuten eta orain gauzak aldatu direla dio, “tendentziak oso azkar kadukatzen dira; beraz, zaila da etengabeko aldaketari bidea jarraitzea.” Aitzitik, etengabeko aldaketa horrek beti ikasten egotera eramaten zaituela azpimarratzen du, eta hori lan-prozesuaren ibilbideaz hausnartzera eraman gaitu. Gaztetan ikasteak ez duela bakarrik balio pentsarazi digu, ikasten jarraitu behar baita, beharretara eta lanbidean sortzen diren joera berrietara egokitzeko. Era berean, uste dugu profesional gisa aberasgarria dela etengabeko aldaketa horri jarraitu behar izatea, ikasten jarraitzera behartzen gaituelako eta nolabait motibatuta mantentzen gaituelako.


Teknologiak egiten dituen ekarpen berriekin, gaur egun lan egiteko hainbat modu daude, bakoitzaren egoerara egokitzen direnak eta telelana bezalako erraztasunak eskaintzen dituztenak. Eta aukera berri horiek enpresa ororen ateak zabaltzen dituzten arren, kontuan hartu behar da hau etengabe aurrera egiten duen, eguneratu eta egokitu behar den mundua dela. Pertsona gehienek tresna digital asko erabiltzen dakite, baina, aipatutako etengabeko aldaketa dela eta, oso beharrezkoa da profesionalak etengabe prestatzea.


Lan-merkatuari eta karrera amaitzean lana lortzeari dagokienez, azpimarratu du ez dela nahikoa unibertsitateko ikasketekin edo master batekin. Ikasketaz gain, soft skill-ei garrantzi handia ematen diete, hala nola heldutasunari, lan egiteko gogoari, jakin-minari, erronka berriei aurre egiteko gaitasunari… Horrek ikasgai honetan landutakoa behin berriz berresten du, norberak bere soft skill-ak garatu eta landu behar dituela, etorkizunean erabili eta indargune bat bezala erakutsi ahal izateko. Halaber, umiltasuna garrantzitsua dela esaten du. Lan-inguruneko jendea errespetatzea eta ezer ez exijitzeaa. Oro har, gainerakoek irakasten dizutenaz elikatu behar gara, eta kontuan izan behar da agentzia batean lanean hasten zarenean hutsetik hasten zarela eta karreran ikasitakoa lagungarria dela, baina askotan ezagutza asko falta dira eta horrek zapuztu ez gaitzan ikasi behar dela dio Iñakik.


Sektorearen ildoari tiraka jarraituz, lan baldintzak aipatu beharreko esparru bat da. Guk-eko zuzendariak bere iritzia plazaratu zuen lan baldintzen inguruan: “Oso txarrak dira, dena onartu behar da, eta hasierak oso zailak dira.” Iñakik lanbidearen prekarietateaz aritu zen, eta praktiketako agentziara doan pertsonari soldata bat ordaintzeko aukerarik ez dagoela onartzen du. Izan ere, praktiketara doan pertsonari soldata bat ordaintzen badiote, arazoak izango lituzkete agentziako gainerako profesionalei ordaintzeko. ikasle garen aldetik, horrek publizitatearen eta marketinaren sektorearen errealitatea ikusarazten digu, eta oro har, ikasketak amaitu berri dituzten gazteen lana balioesteko aukerarik ez duen gizartearena.


Lanbideari buruz hitz egin ondoren, unibertsitateetan eskaintzen den prestakuntzari buruz duen iritzia galdetu genion, eta bere iritzia argia da. Ziur dago prestakuntzaren eta ikasketen plangintza ondo planteatuta dagoela eta ikasleok gauza asko ikastea lortzen dugula, baina ez dutela zerikusirik merkatuaren eta sektorearen errealitatearekin. “Oso berde etortzen zarete eta normala da.” Unibertsitatean nolabait babestuta gaude egiten ditugun lan guztietan, baina agentzia batean asko eskatzen da, nabarmentzen du: "bezeroek exijentzia asko dituzte eta kalitatea behar dute. "


Amaitzeko, aholku bat eskatu genion, etorkizunean Guk bezalako komunikazio agentzietan lan egin nahi duten gu bezalako ikasleentzat. “Ilusioa, kuriositatea eta arazoen aurrean ez etsitzean” dagoela gakoa. Enpresa batean lanean hasten garenean, gure rola asumitu behar dugula eta urteak behar direla ikusi eta ikasteko azpimarratzen du. Lehen urratsak gogorrak eta frustranteak izango direla ziurtatzen du; praktika batzuetan inor ez da konturatuko hor zaudetela, baina prozesu baten barruan zaudetela ulertu behar duzue.


Ondorio gisa esan nahi dugu Iñaki Gorostidirekin izandako solasaldi honek balio izan digula sektorea beste ikuspegi batetik ikusteko. Batez ere, proaktiboa izateak, jakin-mina izateak eta lanarekiko interesa azaltzeak duten garrantzia ikusteko. Oro har, bakoitzak bere soft skill-ak sustatu eta baloratu behar dituela lan-eremuan.


Iñaki Gorostidi, GUK-eko zuzendaria



No hay comentarios: