lunes, 8 de diciembre de 2008

Tele lana

Telelanak eskatzen duen lan-gaitasun handiena nork bere denbora kudeatzeko abilidadea edukitzea da. Unibertsitatean parada asko daude ikasleak bere lanaren denbora eta garapena autokudeaketa egoki baten bidez egin eta ikas dezan. Geroari begira telelanak gero eta presentzia gehiago izango du gure artean. Hau dela eta, Jabi Zabalak 2001ko martxoaren 21ean telelanari buruz Egunkarian idatzi artikulua errepikatzen dugu:


Izenburua:


Telelana: ez goaz lanera


Lan mota honen alderdi onak eta txarrak


Badakigu, gizarte digitalaren iragarpenak egin ohi dituen Javier Etxeberria filosofo jakintsuak hala esan du eta, etxea produkzio unitate bihurtzen ari dela atzera, lehengo baserria zen bezalaxe. Gizarte postindustrialean, gero eta ugariagoak diren –garen– telelangileak etxetik bertatik aginduak jaso, informazioa bildu, lanak egin eta enpresara bidaltzen dituzte telematikaren bidez. Informazioaren gizartean lana antolatzeko eta bizitzeko egitura berriak agertzen ari dira, parke teknologikoak eta lana bertan egiten den suburbio residentzialak kasu. Telelana gizarte horren ezaugarri garbia da.


Lanera joan behar ez izateak abantaila nabarmenak ditu garraioa erabili beharrik ez dagoelako. Itzartu eta berehala egon gaitezke lanean, beraz, denbora ere aurrezten dugu horrela. Egun, Internetekin erlazionatutako zereginetarako erabiltzen da gehienbat, edo diseinu grafikoa bezalako lanbideetan. Egoera batzuk ere aproposak dira telelana egiteko, amatasuna, gaisotasun kronikoak edo ezintasun fisikoak izanda etxera lotuagoak gaude eta.


Normalean telelangileak autonomoak izan ohi dira, freelance, hizkuntza modernizatua erabili nahi bada. Berauek kontratatzen dituztenek nahiago dute lan baten truke kopuru bat adostea, orduen arabera ordainduz gero langilea kontrolatzeko modurik ez legokeelako. Enpresek abantailak baino ez dituzte ikusten normalean telelanean. Lanpostuak aurrezten dituzte, ordenagailua eta azpiegitura gastuak. Askotan segurantza soziala ere aurrezten dute eta baita kontratuak egitea, dena baitoa langile autonomoaren kontu. Horregatik askotan prekarietatea dakar lan mota berri honek.


Etxean PC bat instalatuta eta sarerako konexioa eginda nahikoa izaten da. Beste batzuek faxa eta telefonoa jartzen dute eta gela bat atontzen dute bulego bezala. Itzultzaileak, arkitektoak, idazkariak, kontuhartzaileak, kontsultoreak, maketatzaileak, publizistak, merkataritza elektronikoaren bidezko saltzaileak, burtsako goraberehen jarraipena egiten duten langileak eta inbertsoreak dira telelanari etekinik handiena ateratzen diotenak.


Baina lan mota honek bere alderdi txarrak ere baditu. Garrantzitsuena lanaren eta aisiaren eremuak ez ezberdintzea da. Pijama jantzita ohearen ondoan eta edozein ordutan lanean jardutean espazio fisikoak eta denborak ez dituzte ezberdintzen telelangileek eta horrek itolarria eragin dezake. Buruarentzat kaltegarria da espazioak ez ezberdintze hori. Stressa sortzen du eta lanetik ezin libratzearen sentsazioa. Gainera, egun dauden baliabide batzuek –ordenagailu eramangarriak eta telefono mugikorrak– lana edonora eramatea ahalbidetzen dute, lanaren kondena biblikoa areagotuz.


Susana Finquelievich irakasle eta telelangile argentinarrak lan mota berri honek dakartzan ondorioak ikertu ditu eta dena etxean egite horrek, besteak beste, putzuaren sindromea delakoa eragin dezakeela ikusten du. Ez bakarrik telelana baizik eta harreman guztiak etxetik distantziaz telefonoaren bidez egitea, aisia bideojoko eta telebistarekin, erosketak Interneten bidez. Etxetik irten gabe posible da ia bizitza osoa egitea, 2000. urte osoan Dotcomguy izeneko gazte batek frogatu duenez.


Putzuaren sindromea Algerian somatu zuten ikerle batzuek herri batean iturriko ura etxeetaraino eraman zutenean. Ordurarte putzura egunero joateko ohitura galdu zuten emakumeen artean neurosiak eta depresioak sortu ziren. Elkarrekin eragitea, kontaktu fisikoa oso garrantzitsua da gizakiontzat, izaki sozialak baikara, eta gero eta etxezuloagoak izateak hori galerazten du. Hori ekiditeko, telelangileak eta bizitzeko zerbitzu guztiak batzen dituzten EEBBetako auzune berri zenbaitetan, elkarguneak eraiki dituzte biztanle-telelangileek bilerak egin ditzaten eta isolamendua apurtzeko.


Ordutegi malgua izatea abantaila eta desabantaila izan daiteke. Ugazabaren presio zuzena jasaten ez duen langileak autodisziplinatua izan behar du, bestela ez du emaitza handirik izango. Gainera, ordutegiak ondo ezberdintzen ez badira, lanak egun osoa hartzeko arriskua dago, lanetik ezin libraturik.


Askotan telelana prekarietatearekin lotuta badago ere, badira euren burua dirutan ondo baloratzen duten profesionalak ere. Esaterako, guru.com webguneak funtzio zehatza du: profesional independienteak eta une jakin batean euren beharra duten enpresariek harremanetan jartzea eta, bertan, langile bakoitzak bere burua eskaintzen du prezio jakin batean.


Katalunian telelangileen elkarte bat dago eta haren webgunean informazio baliagarriak eskaintzen dituzte telelangileentzat. Lan mota hau arautzen duen legedia canaltrabajo.com-en aurki dezakegu, hainbat gogoeta adibide eta aholkurekin batera.


Guru

www.guru.com

Kataluniako telelangileak

www.telecat.org

www.abcwork.net

Telelanaren ezaugarriak

www.ctv.es/USERS/gesworld/Art005.htm

Grupo de trabajo independiente

http://gtii.org/

Legedia eta aholkuak

www.canaltrabajo.com/teletrabajo

No hay comentarios: